
Nazinoartekoari eta bazterketa kontuei begiratuko deutsen bloga
Bilbo, 2013-01-24
Esan ohi danez distantziak, berez, ez deusku ikusitakoa ahaztuarazoten. Baina horretara bideratutako politikak tartean sartuz gero, orduan zer? Hori da, Yal Lah Gazte Ekimenaren ustez, dauela urte askotatik mundu zabal hontako hainbat herrialdek jasaten daben egoerea eta modu aipagarri baten, Mendebaldeko Sahararen gatazkak. Dagoeneko bi urte pasa dira 2010eko amaieran 20.000 lagunek euren etxeak atzean laga eta El Aaiun-etik, Sahara okupatuko uriburutik, 15 kilometrotara Gdeim Izik kanpamentua sortu ebenetik. Hauxe izan da orain arte sahararren borrokan egon dan manifestazino baketsurik garrantzitsuena.

Ekintza honen bidez nazinoarteko komunidadeari honakoa erakutsi gura izan eutsen: ezin dabela egoera hau gehiago jasan; dagoeneko urte gehiegi pasa dirala okupazino marokoarraren menpe; eskubide osodun herria dirala; alegia, euren herrialdea aske ikusi gura dabela. Marokoar gobernuaren indar armatuek Gdeim Izik modu bortitzean eta NBEren zein gainontzeko komunidade internazionalaren salaketa barik desmantelau ebenean, 24 saharar atxilotu eta Salé Rabateko (Maroko) espetxera eroan ebezan ekintza baketsu hartan parte hartu izanagatik soilik.

![]()
Harrezgeroztik, espetxeratuok, euren askatasuna galdu eta neurririk bako torturak jasan izana salatu dabe, azkenik, datorren otsailaren 1ean Marokoko epaimahai militar batek auzitara eroango dauzela jakin da. Yal-lah Gazte Ekimenetik beste behin be hurrengo erakunde eta egoerak salatu nahi dabez: marokoar estatua, 25 espetxeratuak bidebakoa den prozesu judizialera eroateagaitik; espainiar estatua zein nazinoarteko komunidadea, egoera larri honen aurrean isilik lotzeagaitik eta berme juridikorik bako auziok burutzen izteagaitik; azken urte honeetan gertau diran eta datorren hilabeteotan jazoko diran gertakizun bidebakoak. Azkenik, herri sahararrak lotu barik jasaten dauen giza-eskubideen urraketa.
Guzti horregaitik, zapaturako (urtarrilak 26) mundu mailan antolatu diran mobilizazinoetan parte hartzeko deia zabaldu nahi dautsagu herritar orori. Zapatu honetan Bilboko Marokoko Kontsulatuaren aurrean (Errekalde Zumar-bideko 27.zenbakian) egingo dan kontzentrazinoan parte hartzeko konbitea luzatzen deutsuegu. Auzi militar gehiagorik ez! Saharar politikari espetxeratuak askatu! Sahara hurra! Sahara askatu!