, 2012-04-11
Gero eta argiago daukat etorkizunak ekarriko dauenaren erantzule zuzenak oraingo guraso gazteak izango dirala, jaiobarri diran horreei bideratuko deutsien hezkuntzan dagoalako gakoa. Hezkuntza hori balioetan oinarritutakoa baldin bada, umeei txikitatik EZETZ esaten bajake, orduan jendartea apurka apurka norabide egokian abiatuko da. Geure ondorengokoak hein baten frustrazinoan be hezitu behar doguzalako bizitzan zehar zenbait talka aurkituko dabezalako. Orain baten batek esango leuskit, aizu, baina hezkuntza egokia jaso daben 25 eta 30 urteko gazte ugari krisiaren eraginez langabezian, hipoteka ezin ordainduta, edo okerrago, desjaubetzaren bat jasaten dabilz.
Bai arrazoia, hezkuntza on bat jasotzeak ez dau bermatzen 0ean pertsona, on, ausart, behargin eta borrokalari izango garenik, baina behintzat modu horretakoak izateko probabilidadea handitzen dau. Nik kasu batzuk aipatu gurako neukez: Lana topetako gogo barik eta krisia heldu aurretik bere gurasoen lepotik bizi diranak gitxiengoa dira geure jendartean. Horreen arazoa erosotasunaren eta pasibidadearen amildegian itsu geratu izana da. Okerrena batzutan, inguruan, iluntasun horretatik aterateko laguntzarik ez daukiela. Bestalde kupida barik erakunde publikoen utzikeriak lagunduta beharginei dirua lapurtzen ibili diran finantza eta ekonomia exekutiboek (azkenean aurpegia eta izena jarri behar deutsegu, ez diralako espazioan bizi diran esfera abstraktoak) herri honetan gazteen langabezia modu ikaragarrian igonarazo dabe. Hego Euskal Herrian egunero 5 familia etxetik kanporatzen dabez eta orain Rajoyk gazteek etxebizitza bat alokatzeko gazteek eukien 210 euroko dirulaguntza be kendu dau. Hezkuntza alorrean ezarri behar dabezan “doikuntzek” ez dot pentsetan gazteei mesederik egingo deutsienik.
Egia esateko kokoteraino gagoz geuk geure indibidualismotik sortu dogun mounstroagaz. Bai gu geu be izan gara, bankuek eta politikariek ezinbesteko laguntzea bideratu deuskue baina guk geuk be erruaren zati bat badaukagu. Jendea sistema honek krak egingo dauenaren bildur da, ni egia esan desietan nago. “Gazte gara gazte eta ez gagoz konforme!!!” inoan Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak eukan lelo batek. Ba bai gazteak gara baina behin baino gehiagotan nahiko konforme ibili gara, lan prekarioak onartzean, bankuak neurririk bako prezioa eban etxebizitza bat erosteko 0ean eta 40 urtera ordaintzeko hipoteka bat emoten euskunean.
Aurrekoan Bizkaia Irratiko erredakzinora Urdulizen sortu daten herriko lanbakoen asanbladakoak konbidau genduzan haien kezkak, ardurak, zalantzak eta erronkak entzun gura genduzan eta. Urdulizlako 3.300 biztanleko herri txiki baten asanblada hau 75 pertsonek osotzen dabe horreetariko gazte bi etorri jakuzan Endika eta Mikel. 23 eta 30 urtekoak, biak langabezian. Lan barik baina batzartzeko, mogiduteko, aldarrikatzeko, komuniketako, protesta AKTIBOA eta eraginkorra egiteko prest. Asanbladakoek astean behin kultur etxean batzarra egiten dabe. Gazte honeek herriko eta eskualdeko enpresa gehienetako ateak jo, sartu eta CVak laga deutsiez enpresaburuei. Urdulizko udalagaz batu dira, badakie laster Osakidetzak Uribe Kosta osorako eritetxea sortuko dauela bertan. Errealidade hori kontuan hartuta be sortuko diran lanpostuak bereganatzeko euren eskubidea aldarrikatzen hasi dira zinegotziakaz eta ospitala sortzeko azpikontratau diran enpresekaz berba eginda. Hau da, eskubideen alde modu kolektiboan BORROKATU eta MUGITZEN dira. Hori da gazteok jarraitu beharreko ereduetariko bat. Norberak bere aldetik gitxi lortuko dau baina arrainez betetako itsaso batek boterean dagozanek hartzen dabezan erabagiak aldatu leikez. Atzera begiratu eta norbera bere buruagaz kritiko izan eta gero une honetan bizi dogun orainaldian eta aurrez aurre daukagun 2012an pentsatzea komeni da. Urte honek hausnarketen ondoko iraultza sozialen urtea izan behar dau, M-15lakoek, gazteek eta ez hain gazteek sortutako sareak inork gitxik itxaroten eban oihartzuna euki dabe; nazinoartean hedatu dan kontrabotererik nagusiena. 2012ko udabarria Arriagan, Gaztelu plazan, Solen eta Tahriren aurrekoa baino ondino be loratsuagoa izan daitela, beharrezkoa jaku eta!!!
Alfre Elgezabal - Bizkaia Irratiko Kazetaria