Auckland, 2013-02-12
Zelanda Barriak itsasoagaz lotura estu estua dauka. Herrialde uharte multzoak (nagusiki bi, baina irla txiki asko be badira) osatzen daben neurrian, urak inguratuta bizi dira: Tasmaniako itsasoa alde batean eta ozeano pazifikoa bestean. Itsasoko istripuak betidanik izan dira. Egunotan, biktima gehien eragin dauan tragediaren 150. urteurrena gogoratu dabe.

Orpheus desastrea
1863. urtean gertau zan, otsailean. Erret Itsasontzian 259 gizon etozan eta horretako 189 zendu egin ziran Auckland mendebaldeko kostaldean gertautako hondoratzean.
Sasoi haretan prestautako itsasgizon gitxi egoan. Asko bestelako ofizioak eukiezan gazteak ziran. Bataz besteko bidaiarien adina 22 urtekoa zan eta askok uger egiten be ez ekien.
Brunett komodorea George Grey gobernadorea bisitatzera etorritakoa zan. Hitzordua zezeilaren 7rako eginda euken, baina berandu zala ta, azkenengo tartea Manukau portuan barrena egitean pentsatu eban. Itsas tarte hori oso arriskutsua da, Tasmaniako eta Pazifikoko urek bat egiten dabelako, bateko eta besteko haizeek gogor joten dabelako... Horrek eragin eban hondamendia.
Orain dala 150 urteko gertakaria gogoratzeko Auckland uriko Itsas Museoaren parean honako oroigarria dago ipinita egunotan. Museoan bertan Orpheus itsasontziaren ganeko informazio gehiago eskuratu leiteke. Baita wikipedian be.